Historia

Donostiaren ikuspegi ederraz gozatu daiteke Etxetxo baserriaren lurretatik. Koro Zubillaga da baserriaren jabea (Egia, 1941), eta han bertan bizi den bakarra. Erretiroa hartu zuen arren, maiz ibiltzen da baratzean. Tradizioari eutsi dio semeak, Joxerra Mikeok (Egia, 1973), garaietara egokituz, eta berak du egun baratzeen ardura.

Ez dakigu zehazki baserria noizkoa den, baina Kororen aiton-amonak izan ziren baserrira iritsi ziren familiako lehenengoak: Bautista Zubillaga eta Anttoni Loinaz. Hamabi seme-alaba izan zituzten, eta haietako bat, Jose Ramon, geratu zen baserrian. Amelia Aranarekin ezkondu zen Jose Ramon, 1940an, eta lau alaba izan zituzten: Koro, Maritxu, Mari Karmen eta Ana Mari. Inguruko baserri bakarra zen alabak bakarrik zituena, hau da, denak emakumeak.

San Martin azokara joaten hasi zen Anttoni; gero, Amelia; eta haren ondoren Koro eta Joxerra ere joan izan dira. Duela hamaika urte inguru utzi zioten plazara joateari.

Joxerra 2011tik dabil bere kontura ekoizten. Lehen ere ez zituzten gehiegi erabiltzen gai kimikoak zomorroen kontra, baina Joxerrak horrekin moztu zuen guztiz, eta produktu ekologikoak ekoizten ditu.

Joxerra Mikeo eta Koro Zubillaga, Etxetxo baserriaren atarian. (Argazkia: Joseba Parron)